2023/3/6
‘Ramiro Pinilla’ eleberri laburren seigarren lehiaketarako lanak jasotzeko epea amaitu da eta literatura sektoreko erantzun ezin hobea izan du. Guztira, jatorri anitzeko 169 lan aurkeztu dira horretara. Jasotako testuetatik 28 Euskaditik eta Nafarroatik datoz, eta horietako sei, Getxotik. Gainerako 141 eleberriak ia erkidego guztietatik etorri dira, eta Madrilgo eta Valentziako parte-hartzea nabarmendu behar dela.
Sei urteko ibilbidean, Ramiro Pinillaren omenezko lehiaketa erreferente bihurtu da literaturaren sektorean, Euskadin zein Euskaditik kanpo. Jasotako lanen kopurua eta horien aniztasunak (eleberri historikoa, intrigazkoa, sentimentala, kostunbrista…) lehiaketaren garrantzia bermatzen dute, orain arte irabazle izan diren lanen kalitatearekin batera. Izan ere, orain arte, saritutako lan gehienak argitaratu dira edo argitaratzeko bidean daude.
Getxoko Kultur Etxeak sustatzen duen lehiaketak Pinillesca kolektiboaren ekimenez sortu zen eta bi helburu ditu: idazle ospetsuaren oroitzapena mantendu eta literatura-sorkuntza bultzatu. Bi sari emango dira lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, irabazleek 6.000 euro bana jasoko dituztela. Sariaz gain, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere emango zaie saridunei. Epaimahaiak, literatura arloko aditu ospetsuk osatutakoa, irailaren 15ean jakinaraziko ditu irabazleen izenak, egun horretan bertan Muxikebarrin ospatuko den sari-banaketa ekitaldian.
Haur lehiaketa
Helduentzako lehiaketarekin batera 6. ‘Txiki Baskardo’ kontakizunen lehiaketa ere abian jarri da. Ramiro Pinillaren lana ezagutzera emateaz gain, ekimen horren bitartez DBHko 1. mailako ikasleen artean literatura-zaletasuna bultzatu nahi da. Bertoko zenbait ikastetxetako ikaslek parte hartuko dute eta, aurreko fasearen ondoren, finalistak hautatuko dira.
Finala maiatzean izango da Getxoko Kultur Etxeko areto batean eta partaideek 120 minutu izango dituzte luzera askeko kontakizun bat eskuz idazteko, epaimahaiak zehaztutako esaldiari jarraituz. Esaldia Ramiro Pinillaren «Txiki Baskardoren ibilerak» liburutik aterako da. Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko. Irabazleek 10 hazbeteko tableta elektroniko bat jasoko dute eta finalistei diploma eta Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txekea emango zaizkie.