2023/3/23
Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 46. edizioa dagoeneko berotzen hasi da. Getxo Jazz ekainaren 28tik uztailaren 2ra izango da, eta dagoeneko kontzertu nagusien programazioaren lehen hiru izenak ditu. Hala, aurtengo jaialdian honako artista hauek arituko dira: Al Di Meola gitarrista ospetsua, beste genero eta estilo batzuekin bat egitearen adierazle nagusietako bat dena; Jazzmeia Horn jazz-belaunaldi berriaren etorkizun oparoko abeslaria; eta Marc Ribot, egungo musika-eszenako gitarra-jotzaile eta sortzaile handia. Talde Lehiaketako emanaldien ondoren (21:00) Muxikebarrin egingo diren ordainpeko kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 2an jarriko dira salgai Getxoko Kultur Etxeko ohiko kanaletan.
Jazzmeia Hornek (1991, Dallas) irekiko du jaialdia lehenengo egunean. Afrikar jatorriko artista iparramerikarra nazioarteko jazz-eszenako ahotsik oparoenetako bat da azkenaldian. 2015ean, Thelonious Monk lehiaketa entzutetsua irabazi zuen, eta 2013an, Sarah Vaughan International Jazz Vocal Competition saria. New School for Jazz and Contemporary Music graduatu ondoren, sidewoman gisa jarduten hasi zen Winard Harper, Junior Mance, Vincent Gardner, Mike Peter Bernstein, Johnny O Neal, Vincent Herring, Frank Wess eta Ellis Marsalis musikari ospetsuentzat. 2017an kaleratu zuen bere lehen diskoa, 'A Social Call', zeinarekin 2018ko Grammy sarietan izendatua izan zen. 2020an izendapena errepikatuko du, oraingoan 'Love & Liberation' bigarren lanagatik. Orain arteko hirugarren eta azken diskoa 'Dear Love' da, eta bertan Nancy Wilson eta Betty Carter bezalako musikarien eragina nabaria da, baina gaur egungo jazzari begiratzeari utzi gabe.
Ekainaren 30ean, ostirala, Marc Riboten (1954, New Jersey) txanda izango da, egungo jazzeko gitarristarik originalenetako bat. Bere musikak, beti inprobisatua eta esperimentala, loturarik gabea, rock gordin, zuzen eta zaratatsuarekin bat egitea du helburu. 40 urte baino gehiagoko ibilbidean izen handiekin kolaboratu du: Tom Waits, Laurie Anderson, John Lurie, McCoy Tyner, Marianne Faithfull, Caetano Veloso, Norah Jones, Elvis Costello, T-Bone Burnett, David Sylvian eta Marisa Monte. Besteak beste, The Jazz Passengers, Los Cubanos Postizos eta The Lounge Lizards taldeekin jo du, eta John Zorn handiarekin kolaboratu du aldizka. Getxora Ceramic Dog hirukotearekin iritsiko da, Shahzad Ismaily baxu-jotzaile eta multi-instrumentista eta Ches Smith bateria-jotzailea biltzen dituen free jazz eta punk-funk hirukote leherkorra. Lehen diskoa, 'Party Intellectuals', 2008an argitaratu zuten, eta, ondoren, 'Your Turn, 2013an' eta 'YRU Still Here?', 2018an. 2021eko ekainean, azken diskoa aurkeztuko dute, 'Hope', eta lan berria ekainean kaleratuko dute.
Al Di Meola
Al Di Meola (1954, Jersey City; New Jersey) uztailaren 1ean arituko da jazzaldian. Gitarraren birtuosoa, bilaketa harmonikoak eta erritmiko ausartek oso nortasun berezia eman diote bere musikari, interpretazio zorabiagarritik sonoritate soilagorantz pixkanaka eboluzionatzen joan dena. Bostongo Berklee College of Music ospetsuan ikasi zuen, eta ikasgelak utzi eta Barry Milesen boskotearekin elkartu zen. 1974an, Chick Corea eta Stanley Clarkeren orkestran parte hartu zuen, eta bi urte geroago jazz-rock izarrekin kolaboratzen hasi zen, hala nola Jan Hammer, Steve Winwood, Jaco Pastorius eta Mingo Lewisekin. 80ko hamarkadaren hasieran, Paco de Lucía eta John McLaughlin gitarrista handiekin batera, mundu osoan zehar biran dabilen hirukote arrakastatsu bat osatu zuen, 'Passion, Grace & Fire' albuma grabatuz. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, beste hirukote bat jarri zuen martxan, Jean-Luc Ponty biolin-jotzailearekin eta Stanley Clarke baxu-jotzailearekin batera. Hainbat generotako artistekin ere kolaboratu du: Luciano Pavarotti, Paul Simon, Phil Collins, Carlos Santana, Steve Winwood, Stevie Wonder, Jimmy Page eta Steve Vai, besteak beste.