2023/5/10
Gehienez 153.157,50 euro bideratuko dira ekimen honetarako, eta ekainaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dira eskabideak
Getxok bertoko kultur elkarteentzako urteroko dirulaguntzen deialdiaren edizio berri bat jarri du abian. Ekimen horren helburua udalerriko kultur lana sustatzea da, talde horien kultur jarduerak eragindako gastuak finantzatuz. Gehienez 153.157,50 euroko partida izango du deialdiak, eta elkarte interesdunek maiatzaren 11tik ekainaren 12ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.
Laguntzak 2023an garatuko diren elkarteen ohiko jarduera-programa osatzen duten ekintzak babestu eta bultzatzeko dira. Getxoko udalerrian egoitza soziala duten irabazi asmorik gabeko kultura-elkarteek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, baldin eta Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude.
Deialdiari buruzko informazio osoa www.getxo.eus/kulturadeialdiak estekan kontsulta daiteke, eta, azken urteetan egin ohi den bezala, eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira Getxoko Administrazio Elektronikoaren Bulegoan. Eskabideak jaso ondoren, Kultura Etxeko teknikariek balioetsiko dituzte, irizpide hauen arabera: kultura-proiektuen kalitatea eta interesa udalerriari dagokionez, proiektu horien bideragarritasun ekonomikoa, euskararen erabilera, berdintasuna, kulturartekotasuna eta integrazio soziokulturala, besteak beste.
Deialdiaren ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera jakinaraziko da. Hautatutako elkarteek aurkeztutako proiektuak gauzatzeko betebeharra izango dute. Proiektu horiek jardueren justifikazio-memoria batekin zehaztu beharko dira, jarduerak egin ondoren, bai eta jarduera horiek eragindako diru-sarreren eta gastuen balantze batekin ere. Agiri horiek aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 31n amaituko da.