2023/6/1
Ostiralean hasita eta bi asteburutan, haur eta familientzako aire zabaleko kultura-programazioa izango da erabateko protagonista Getxon. Kultur Etxeak abian jarriko duten ekimen honek kultura haurrei hurbiltzeko asmoa du eta 2023ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan kulturaren alorrean herritarren aldetik jasotako eskaerak egia bihurtzeko gauzatu da. TxikiFesteko programazioak hainbat diziplinatako arte eszenikoen doako ikuskizunak (clown, antzerkia, musika, zirkua, dantza) eta parte hartzeko ekintzak bilduko ditu, hala nola arte plastikoetako tailerrak, bertsolaritza eta ahozkotasun dinamikak, ginkanak, jolasguneak eta irakurzaletasuna sustatzeko guneak, besteak beste.
Lehenengo asteburuan, ekainaren 2tik 4ra bitartean, egitaraua Areeta eta Romo auzoetan garatuko da, kokapen irisgarrietan, hala nola Geltokia plaza eraberrituan, Santa Eugenia plazan eta Eskoletako plazan.
Programazioan Getxoko, Bizkaiko, Euskadiko eta Estatuko erakunde eta konpainien lanak daude. Lehenengo egunean, ekainaren 2an, Bartzelonako La Baldufa Teatre konpainiaren “Zeppelin” ikuskizun ibiltariarekin hasiko da jaialdia, Bizkaia Zubitik Santa Eugenia plazaraino. Ondoren, publikoak “Numenak” (Yarleku Teatro) antzezlanaz gozatu ahal izango du Areetako Geltokia plazako aire zabaleko entzunareto berrian.
Bigarren eguneko goizean, hilak 3, larunbatean, Areeta zirku azoka tradizionala bihurtuko da Bambolea taldearen eskutik, kaseta eta zirku-joko tradizionalekin, eta publikoak familiei zuzenduriko Dantza Plaza ekitaldiaren saio berezia izango du, bertoko dantza taldeek bultzatuta, Eskoletako plazan. Arratsaldean, eskaintza Romo auzora pasatuko da, “Iratxoen Kantu Sekretuak” (Gookapi) musika-ikuskizunarekin, eta egunari amaiera emango zaio “Glubs” (Nacho Vilar Producciones) kalejira ibiltariarekin. Bertan, lau marinel zoro noraezean agertuko dira Santa Eugenia plazan, eta publikoak ontziratzeko portu bat aurkitzen lagundu beharko die.
Hurrengo egunean, hilak 4, igandean, animalia itxurako tamaina handiko txotxongilo artikulatu batzuek hiri-eremuan ezarriko dute beren kanpamendua. “Animalia” ikuskizunak (Sandal Productions) animalien portaera aztertzen duten naturzaleen kanpamentuak birsortzen ditu. Antzezpenaren ondoren, haurrek zurezko jolasak balira bezala jokatu ahal izango dute txotxongilo horiekin, tipi estiloko denda betetako espazio natural batean. Eguerdian, Dantzaz talde euskaldunak bere “Menu” ikuskizun ibiltaria ekarriko du eta Izaskun Rueda getxotarrak antzerkia eta zirkua uztartzen dituen “Bidaibizitzen” obra. Arratsaldean, Tor eta Txoborro magoek “TNT” magia ikuskizuna eskainiko dute eta jardunaldiari amaiera emateko, “Candido” (La Nördika) zirku ipuina izango da.
Parte hartzeko ekitaldiak
Gainera, egunero, 17:00etatik 19:00etara, jarduera parte-hartzaileen txanda izango da. 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoak ludoteka bat izango dute ekainaren 2tik 4ra. Era berean, 3 urtetik gorakoentzat irakurketa gune familiar bat egongo da, eta parte hartzeko gune honetan mota askotariko tailerrak ere egongo dira: ekainaren 2an, arte plastikoei buruzko horma-tailerra eta, hilaren 3an, bertsolaritza eta ahozkotasunari buruzko tailerra. Datorren asteko asteburuan, ekainaren 9tik 11ra, TxikiFest Algortako parke eta plazetan izango da. Programazioa honako webgune honetan dago ikusgai: www.getxo.eus/txikifest.