2023/3/30
Getxoren turismo-eskaintzak 2023rako 86 plan eta esperientzia biltzen ditu, udalerriko 41 enpresak eta ostalaritzako 224 establezimenduk eta gourmet dendek bultzatutakoak. 11.000 hitzordu baino gehiago ematen dira aukeran urte osoan zehar, urtarriletik abendura, Getxoz gozatzeko. FITURren azken edizioan “Getxo egunero plan bat” programa aurkeztu zen.
Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak adierazi duen bezala, “programazio honen helburua da tokiko enpresek antolatzen dituzten eta Getxon egin daitezkeen plan eta esperientzien eskaintza guztia herritarrei eta bisitariei hurbiltzea. Eskaintza homogeneoa dugu, urte osoan zehar garatzen dena, eta horrek agerian uzten du tokiko enpresen apustua eta helmuga desestazionalizazioaren alde”.
Jardueren %21 doakoak dira eta errazak kontsumitzen (%73k ez dute gutxieneko talderik behar), eta planen % 35 ekainetik irailera izaten dira. Irantzu Uriartek gogorarazten duen bezala, “planak bermatuak izan arren, beti gomendatzen da aurretiazko erreserba izapidetzea plaza segurtatzeko”.
Planak 2023
Aurreko urteetan bezala, eskaintza lau jarduera-multzo handitan banatzen da:
• Getxo Kosta
Eskainitako jarduera guztien %31 da. Ohiko ohiturei (Abratik edo itsasadarretik belaontzian irtetea, bataioa eta surf ikastaroak, irteerak paddle-surfean, belauntzi-ikastaroak) patroirik gabeko itsasontzia alokatzekoak gehitu behar zaizkie (“E-foil, uraren gainean hegan egiten”, “Txalupa bat, nabigatu zure airera”), eta beste batzuk “irteerak uretako bizikletetan”, adibidez.
• Getxo Monumentala eta Kulturala
Eskaintza osoaren %40 da. Berriro ere abian jarriko dira bisitak Bizkaia Zubira – Gizateriaren Ondarera, bisita audiogidatuak taxiz, bisita autogidatuak “Etxe Handien Pasealekura”, “Getxo bere sustraietatik” eta “Erregeen Bide Zaharretik” bisita gidatuak; “Portu Zaharraren jatorria” eta “Areetaren jatorria” antzeztutako bisitak, eta Punta Begoñako Galerien inguruko beste bisita batzuk (bisitak eta tailerrak); gainera, berrikuntza moduan, espartin-tailer bat eta zeramika-tailer bat ere gehitu dira.
• Getxo Aktiboa eta Ongizatea
Honako hauek dira bisitari aktiboenek bilatzen dituzten proposamenen %22: Yoga itsasora begira, zaldiketa ikastaroak, skatea, running, martxa nordikoa, bizikleta elektrikoz autogidatutako ibilbidea… Aurtengo berrikuntzak Bizkaiko Flyscharen ingurukoak izango dira, gaueko irteerak eta tailer zientifikoak.
• Getxo Enogastronomikoa
Jardueren %7 udalerriaren alderik zaporetsuena ezagutzeko antolatu dira: euskal artisau garagardoen dastaketak eta dastaketa gastronomikoak, eta sukaldaritza-tailerrak familian.