2024/4/23
Ekimen horretarako gehienez 18.200 euro bideratuko dira eta eskabideak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da.
Getxok laguntza-deialdi berria jarri du abian, oraingoan ostalaritzako eta tokiko saltokietako musika-emanaldiak diruz laguntzeko. Ekimen horren bitartez mota anitzeko kontzertuak bultzatu nahi ditu udalerrian, baita ostalaritza eta merkataritza sektoreei lagundu ere. Guztira, 18.200 euro erabiliko dira deialdirako, eta eskabideak jasotzeko epea apirilaren 23tik azaroaren 15era arte egongo da zabalik.
Aipatutako lokaletan bakarlarien edo musika-taldeen kontzertuak egiteko zuzenduta dago deialdia, DJen emanaldi koralak edo zuzeneko musikarik ez duten ikuskizunak izan ezik. Kontzertu bakoitzeko 275 euroko dirulaguntza emango da, gehienez lokal berean bost kontzertu egin ahal izango direla. Halaber, zenbateko hori handitu ahal izango da, baldin eta emanaldiek hizkuntza, musika-genero eta -estilori lotutako baldintza jakin batzuk betetzen badituzte , besteak beste, edota taldeetan emakumezko kideak badaude.
Deialdiari buruzko informazio osoa webgunean kontsulta daiteke eta, ohi bezala, eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira Getxoko Administrazio Elektronikoko Bulegoaren bidez. Apirilaren 30era arte aurkeztutako eskabideak maiatzaren 29a baino lehen ebatziko dira, eta ekainaren 30era arte bidalitakoak uztailaren 31 aurretik. Azkenik, uztailaren 1etik deialdiaren epea amaitu arte aurkeztutakoak abenduaren 10a baino lehen ebatziko dira.