

Getxo, Portugalete eta Santurtzi - Abrako badia
Portugalete eta Santurtzi Getxorekin lotuta daude, Abrako badia osatzen duten udalerriak baitira. Bilbao-Bizkaia Badia hori arrantzaleen kofradian (Santurtzi) hasi eta Galeako kostaldean amaitzen da, Getxo (Areetako auzotik) eta Portugalete lotzen dituen Bizkaia Zubitik igarota.
Portugalete
Portugaletek harreman estua du Getxorekin, Bizkaia zubia bezain leku bereizgarriak lotzen baititu.
Portugaleteko eta Getxoko zubi esekia
Bizkaia Zubia esaten dio jende askok Bizkaia zubiari, Euskadin garrantzi handiena duen leku horri. 1893an eraiki zen, itsasadarraren bi aldeak lotzeko itsasontzien joan-etorria oztopatu gabe.
Garai hartatik, ehunka itsasontzi igaro dira 61 metroko garaiera duen burdinazko monumentu horren azpitik, eta urtean 6 milioi pertsona igarotzen dira bertatik, gutxi gorabehera.
UNESCOk 2006an Gizateriaren Ondare izendatu zuen Bizkaia Zubia, haren estetikagatik, edertasunagatik eta geroko eraikuntzetan izandako eraginagatik.
Anezkaren gainean, 50 metroko garaieran, oinezkoentzako pasabidea dago. Bertara igogailu baten bidez iritsi daiteke, eta handik Abrako badiaren ikuspegi panoramiko ezin hobeaz gozatu daiteke.
Portugaleteko hirigune historikoa
Getxotik abiatu eta Bizkaia zubitik gurutzatuta Portugaletera iristen da. Anezkaren irteeraren aurrean Portugaleteko hirigune historikoa dago, 1996an monumentu multzo izendatutakoa. Han, Andra Maria basilika eta Salazar dorreaz gain, pintxoengatik ospe handia duten tabernak ere badaude.
- Andra Maria basilika Estilo gotikoa du, berpizkundearen eraginarekin, eta udalerriaren goiko aldean kokatuta dago. Bertatik irten eta begiraleku bat dago, itsasadarraren, badiaren eta Bizkaia zubiaren bista ederrak dituena.
Ia mende bat behar izan zuten basilika eraikitzeko, eta XV. mendearen amaieran bukatu zuten. Kanpoko aldea ikusgarria da, bertako ostiko arkuen, gargolen, portaden eta kanpandorrearen eraginez.
Barruko aldeari dagokionez, aldarean berpizkundeko erretaula nagusia dago, Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zutena Errege Magoen Adorazioarenarekin batera. Alde bietan, hainbat pintura gotiko-flandriar daude. Eraikin horretan arte sakratuko museoa dago, eta bertan hainbat erakusketa daude, esaterako, zilargintzako laginak, jantziak XVII. mendeko abesbatza liburu bat eta XIX. mendeko pulpituaren ahots itzulkina.
- Salazar dorrea Barruan museoa eta euskal sukaldaritzako jatetxea ditu. Eraikin hori, jatorriz, Salazar familia ospetsuaren jabetza izan zen.
Antzina itsasontzien joan-etorria kontrolatzeko leku haren indar militarraren sinbolo bat da.
Portugaleteko hirigune historikoa gurutzatuz gero, Iparraldeko Donejakue Bidera iristen da; bertan, Erromesen Udal Aterpea dago: irekita egoten da ekainaren 1etik irailaren 30era.
Solar plaza
Plaza horretan dago Portugaleteko Udaletxea, eta, urte osoko astearte, ostegun eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara Baserritarren azoka izaten da bertan. Aire zabaleko azoka bat da, loreak, landareak eta ortuko produktuak erostekoa.
Leku horretan daude, gainera, beste bi leku interesgarri ere:
- Víctor Chávarriren estatua Portugaleteko enpresari horri, La Vizcaya fabrikaren sortzaileari (beranduago Bizkaiko Labe Garai famatuak ekarriko zituen fabrika horrek), egindako monumentua prozesu industrializatzailearen alegoria bat da. Brontzezko busto bat da, Carrarako marmolezko oinarri baten gainean dagoena, eta bi langileren figurak ditu: harri zulatzaile eta olagizon banarenak. Miguel Blay eskultore katalanaren lana da, 1903an egindakoa. Artelan horri esker, Parisko Nazioarteko Erakusketaren urrezko lehendabiziko domina irabazi zuen 1905ean.
- Kioskoa 1912an eraikitako topagune horretan, udal bandak txitxarrilloak edo dantzaldiak egiten ditu, eta kontzertuak ematen ditu hamabost egunean behin, igandeetan.
Solar plazaren ondoan, Canilla eraikinean, Portugaleteko turismo bulegoa dago.
Itsas pasealekua
Portugaleteko itsas pasealekua 2 kilometroko bide bat da, Bilboko itsasadarraren bokalearen eta Bizkaia zubiaren ondotik doana.
Ibilbidea 3 zatitan banatuta dago, hegoaldetik iparraldera
- Kai Zaharra Gure hurbileko historian zehar itsasadarrak izan duen industrializazioa islatzen du.
- Rialia, Industria museoa. Burdinaren industria gai nagusitzat duten artelanen bilduma bat du, ezinbesteko industria izan baita Euskadiren garapenerako.
- Txurruka kaia Itsas pasealekuan dago, Bizkaia zubitik gertuen dagoen zatian, XIX. mendearen amaieran eraikitako eraikin dotore eta bikainen ondoan. Azken zatian, mareometroa dago. Ibilguaren sakonera neurtzeko gailu bat da, ur mailaren igoerak eta jaitsierak erregistratzen dituena. Berebiziko garrantzia zuen, itsasontziei erraztu egiten baitzien Bilboko itsasadarrean ibiltzea.
- Burdin kaia Evaristo Churruca ingeniariak proiektatu zuen Interes Kulturaleko Ondasun izendatutako kaia. Helburu nagusia zen Bilboko itsasadarrean nabigatzea errazago bihurtzea eta itsasontziak ez hondoratzea.
Itsasadarraren beste aldean, Getxon, Evaristo Churrucari egindako monumentua dago (1939). Nabarmena da Ignacio Maria Smith arkitektoak diseinatutako faro dorrea eta Miguel García Salazarrek egindako eskultura multzoa. Monumentu horretan Evaristo Churrucaren estatuaz gain, olagizon eta itsasgizon banaren estatuak daude, industria eta nabigazioa irudikatzen dutenak.
Horren aurrean, bi figura daude: Bilbo Neptunoren aurka borrokan. Evaristo Churrucak Portuko Obren Batzordearen buru izan zen garaian egindako obrek islatzen dute bizkaitarrek barra, ibaiadarra eta Abrari gailendu izana.
Santurtzi
Santurtziren alderdi erakargarri nagusia da tradizio arrantzalea eta gastronomia, sardina erreferentzia duena.
Agurtza arrantzaren interpretazio zentroa
Portugaleteko Budin Kaitik metro gutxira dago Agurtza arrantza ontzia. Abrako badian gelditzen diren egurrezko itsasontzi gutxi horietako bat da, eta haren gai nagusia arrantza tradizionala da.
Bertan ezagutu ahal izango duzu hegaluzea arrantzatzeko eta kontserbatzeko artea, baita antzinako arrantzaleen bizimodua eta “Txo” delakoek egiten zituzten lanak ere.
Agurtza arrantza ontziaren ondoan, 1902an eraikitako Oriol jauregia dago, Bizkaiko urrezko aroaren historia kontatzen duen eraikin viktoriarra. Hotel bat da gaur egun.
Itsas pasealekua
Santurtziko itsas pasealekuan zehar, Abrako badia aurrean duzula, honako puntu interesgarriak topatuko dituzu:
- Arrantzaleen kofradia Duen garrantzia duelako, eta udalerriaren garapenerako funtsezko zutabea izan delako, arrantzaleen kofradia erreferentziazko lekua da Santurtzin. Gaur egun ere jatorrizko irudia eta esentzia mantentzen ditu.
- Santurtzi Itsaso Museoa Ikus-entzunezko bitartekoen bidez, museoak santurtziarren eta itsasoaren arteko harremana islatzen du, XVII. mendetik hasi eta gaur egunera arte. Bertan azaltzen da ere zein zen portuko gidarien lana, eta zein garrantzi zuten nabigazio zailtzen zuen barra gainditzeko, baita Abrako badian nabigatzen zuten kortsarioen eta piraten bizitza ere. Eraikin horretan dago kokatuta Santurtziko turismo bulegoa ere.
- Karmengo ama birjina Morruaren amaieran, Santurtziko zaindariari, Karmengo ama birjinari egindako monumentua ikusi daiteke.
- Sardina saltzailearen monumentua Santurtziren historian horrenbesteko garrantzia izan du sardina saltzaileen lanak, ezen 1964an eskultura bat egin baitzen haien lan nekezaren omenez.
Itsas pasealekuaren ondoan, Santurtziko parkean, San Jorge eliza dago, udalerriaren egungo izenaren jatorria. Erromanikoa da, eta bertan dago Karmengo ama birjina.
Metro gutxitara dago Casa Torre jauregia, armarri ederra duena. Barrokoa da jatorriz, 1760an eraikia, eta erakusketa areto bat eta interpretazio historikoko zentro bat ditu barruan.
Serantes mendia
Santurtzi, ordea, itsasoko tradiziotik harago doa. 452 metroko garaieran Serantes mendia dago. Leku ederra da Abrako badiako bista ederrez gozatzeko.
Bidean zehar balizko eraso militarretatik babesteko hainbat gotorlekuren ondotik igaroko zara. Hainbat bide daude Serantes mendira iristeko.
Abrako badiako hiru udalerrien (Getxo, Portugalete eta Santurtzi) historia eta bizimodua ezagutzeko beste aukera original bat da El Bote Tours, xehetasun guztiak ezagutzeko audiogida zerbitzua duen itsasontzi turistikoa.
Gehiago jakin nahi duzu?
Ibilbideak, puntu interesgarriak, jarduerak eta abar. Jaitsi ezazu Abrako plano-gida, Bilbao-Bizkaia Badia!
Informazio gehiago
Joan Portugaleteko turismo bulego webgunera
Joan Santurtziko turismo bulego webgunera