GetxoJazz
Urtero, uztailean, Getxo swingez, musika inprobisatuz eta egungo jazzaren artista handiz betetzen da, Getxo Jazz deritzogun jaialdi ezagunari esker.
Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdiak Euskadiko jazz jaialdien hasiera ematen du. Uztaileko lehenengo egunetan kontzertuak egiten dira hainbat eszenatokitan, nazioarteko jazz panoramako musikari ezagunen eskutik.
Helburua da munduko jazz onena bereganatzen ahalegintzea, eta aldi berean artista gazteak aurkitzeko jaialdia izatea.
Egoitza nagusia Muxikebarri – Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen zentroa da (Basagoiti etorbidea 77). Halaber, emanaldietarako beste espazio batzuen artean aipatzekoak dira Algortako Geltoki Plaza eta Ereaga hondartza.
Jazz musikari ospetsuenetakoen kontzertuez gain, musika-talde gazteek emandako kontzertuen aldeko apustua egiten du jaialdiak; horretarako, taldeen lehiaketa egiten dute, zeinetan parte hartu baitezakete edozein joera edo estiloa izanik ere jazz musika jotzen duten Europako talde guztiek.
Halaber, kontzertu gehiago eskaintzen dira Hirugarren milurtekoa deritzon atalean, non Estatuko musikari babesa ematen baitzaio eta honako hauek eskaintzen baitira: familientzako kontzertuak eta gazteei zuzendutako kaleko kontzertua.
Egitarauak beste formatu batzuk hartzen ditu barne, hala nola musika inprobisatuko jam session jardunaldiak, kaleko desfileak, eta jazzaren munduari buruzko erakusketa.
Horrela, jaialdia bloketan bereizten da:
- Taldeen lehiaketa eta artisten kontzertuak. Muxikebarrin, Basagoiti etorbideko 77. zenbakian. Ordaindu beharrekoa
- Hirugarren milurtekoa atala. Algortako Geltoki plaza. Doako sarrera.
- Familia osoarentzako kontzertuak. Algortako Geltoki plaza. Doako sarrera.
- Ereaga hondartzan kontzertua. Doako sarrera.
- Jam Session-ak. The Piper's Irish Pub (Basagoiti etorbidea 47
- Erakusketa.Romo Kultur Etxea (Santa Eugenia plaza 1)
- Kale-desfileak
Aurreko edizioak:
Getxo Jazzek nazioarteko eta Estatuko jazz artista handien bisita jaso du, besteak beste: Brandford Marsalis, Michel Camilo, The Manhattan Transfer, McCoy Tyner, John Scofield, Chucho Valdés, Lee Konitz, Archie Shepp, Paquito D’Ribera, Dee Dee Bridgewater.
Historia
Getxo Jazz jaialdia 1975ean hasi zen, aurrekontu txikiko jaialdi txiki bat bezala. Portu Zaharrean ospatzen zen eta San Inazioko Jai Batzordeak antolatzen zuen. Amateur samarra zen arren, antolatzaileen kemenari eta borondateari esker, jaialdia hazi egin zen, gero eta arrakastatsuago bihurtuz. Hona bitxikeria bat: jaialdian Sting gazte batek parte hartu zuen, orduan Last Exit taldeko partaide zela, bai eta Tete Montoliuk ere.
Hamar urte beranduago, 80ko hamarkadan, Getxo Jazz bere nortasuna sortzen hasi zen. 1985ean Getxoko Kultur Etxea proiektuan sartu zen, eta 1986an talde-lehiaketa eratu zen Estatuan. Bitarteko gehiago eskuratu zituen, eta horri esker mundu osoko jazz musikariak etorri ziren: Art Blakey, Tony Williams, Freddie Hubbard, etab.
1989an, jaialdiak Europara egin zuen salto eta Getxo Europar Jazzaldia bihurtu zen. Espezializazio honi dagokionez, esan beharra dago Europan oso anitza eta kalitate handikoa den jazza egiten dela, ia programaturik gabekoa eta, oro har, oso ezezaguna dena. Jaialdiak artista ospetsuak eta ezezagunak uztartzen ditu, baina kalitatea nagusi da beti.
Urteek aurrera egin ahala, jaialdia sendotu da: taldeen lehiaketa Europakoa eta gaztea da; Ameriketako jazz artista handiak gure jaialdiko eszenatoki nagusitik igaro dira; eta beste atal eta formatu batzuk sortu dira. 45 urteko ibilbidearen ondoren, Getxo Jazz erabat finkatutako jaialdia da.
Webgunea
http://www.getxo.eus/es/getxo-jazz
http://www.ikuslab.com/ webgunean Getxo Jazzeko kontzertuetako unerik onenen bideoak daude ikusgai.
Kokapena
googlemaps