kalimotxoaren sorlekua
Kalimotxoaren jatorria (gaztelaniaz ere calimocho) Algortako Portu Zaharrari lotuta dago. Ardo beltzaren eta kola-freskagarriaren nahasketa XX. mendeko 20ko hamarkadatik existitzen zen, baina oso jende gutxik edaten zuen, ez baitzegoen amerikar freskagarria saltzen zuen ia tabernarik.
Gauzak 1953an aldatu ziren, Espainiako lehenbiziko Coca Cola fabrika sortzearekin batera. Edari bien arteko nahasketa laster zabaldu zen, hainbat izenekin: Errioxa Librea, Mochete, Tincola, Pobreen Kuba Librea, Langilearen Kubata...
Baina 1972ko abuztuaren 12an, Algortako Portu Zaharreko San Nikolas jaien erdi-erdian, jaio zen “kalimotxoa”. Hitza “Antzarak” koadrilak asmatu omen zuen, urte hartan jaien ospakizuna bere gain hartu zuena. Jaiak ospatzeko 2.000 litro ardo beltz erosi zuten. Baina ardoa ozpinduta zegoen; ez dakigu bero handia egiten zuelako edo saltzailearen amarru baten ondorioz izan zen.
Ardo hori guztia erosteko diru asko gastatu zuten. Horregatik, ardo garratz hura nola saldu pentsatu behar zuten. Ardo ozpindua ez zen kaltegarria osasunerako, mediku ezagun batek esan zienez, baina oso zapore desatsegina zeukan. Hainbat nahasketa egin ondoren, kola-freskagarriarekin saiatu ziren. Azkenean ardoaren zapore txarra ezkutatzeko zenbateko egokia aurkitu zuten: erabaki zuten ardoa eta freskagarria zenbateko berdinetan nahastu behar zirela. Horrela, edabe horren 4.000 litro saldu behar zuten jendearen artean ardo guztia gainetik kendu ahal izateko.
Batzuek esan zuten lagungarria izango zela edabeak zer zeukan ez esatea, eta izen erakargarri bat ematea ere bai. Izen aproposa aurkitu ezinik egon ziren, koadrilako lagun bat agertu zen arte. Erandiotarra zen eta Kalimero zuen goitizena, baina denek esaten zioten “Kali”; itsusi samarra zen. Etorri zenean, norbaitek esan zuen euskaraz itsusia “motxo” dela. Horrela, berehala osatu zuten “Kalimotxo” izena eta denek aho batez onartu zuten.
Geroago, Coca Cola multinazionalak edari famatuaren izena erregistratu zuen. Gaztelaniaren Akademiak ere “calimocho” hitza jasotzen du, “ardo beltzaren eta kola-freskagarriaren arteko nahasketaren” adierarekin.
Bideoak:
Getxoko Udalak alkoholdun edariak erantzukizunez edatea gomendatzen du. Gogorarazten dugu Adikzioen Zerbitzua daukagula (Urgull kalea, z/g, 2. Tfnoa: 94 466 01 51).
Deskargatu:
Kalimotxoaren istorioari buruzko liburua, dohainik deskargatzeko: